Zer egin eta zer bisitatu Arbizun

Arbizu ordoki batean dago, era horretan inguru guztiaren kontrola egin zitekeelako bertatik, batez ere Iruñea eta Gasteiz lotzen dituen bide nagusiarena. Hegoalde-iparraldera orientaturik dago, eliza mutur batean; bertatik ateratzen da kale bakar bat, dorretxearen parean bitan banatzen dena. Litekeena da garai batean hor izatea herriaren iparraldeko muga, herrigunearen bi muturretan defentsarako bi gune sortuta, dorrea eta eliza. Muga horretan, beraz, egungo Fernando Urkia kaleak mendebalderantz egiten du, eta kale Nagusiak, berriz, zuzen jarraitzen du iparralderantz. Aurrerago udaletxea dago, eta herriko plaza, eta hortik aurrera zenbait kale edo kalexka irekitzen dira ezker-eskuin, nagusia Ubelde karrika, garai batean teileriako karrika izena zuena, eta zuzenean Leziza errekara eramaten duena.

Etxeak ez dira oso handiak, bizpahiru solairukoak gehienez ere, eta elkarri itsatsirik daude. Estilo eta garai desberdinetakoak dira, eta esan daiteke herriaren benetako balio arkitektonikoa multzoaren osotasunean datzala, eraikinik nabarmendu gabe.

Arbizuko kaleen mapa


Andre Mariaren eliza

XVII. mendeko eliza honek estilo gotikoa du gehienbat, eta ondorengo elementu batzuk, batez ere 1813ko sutea dela-eta egindako moldaketak. Gurutze latindarreko planta du, nabe bakarrarekin. Lehen zatian, atzealdean, apezetxea du erantsirik, baita dorrea, barneko zurubiarekin, eta bataiorako kapelatxo oktogonal bat. Paretak harlanduzkoak dira eta puntu erdiko leihotxo bat dago burualdean, epistolaren aldean. Nabearen oinetan goialdeko koru bat dago, puntu erdiko ahokadura-arku batekin eta dobela apainduekin, eta zurezko balaustradarekin. Nabeak ojiba-ganga du, eta puntu erdiko parpain-arkuek lau zatitan banatzen dute. Transeptoak estalki mota bera du, eta burualdean trazerien diseinua korapilatsuagoa da, eta izar itxura hartzen du. Kanpoaldean, estalpea nabarmentzen da, harrizko oinarrien gaineko zurezko estalkiarekin. Estalpe horren atzetik sarerrako atea dago, arku zorrotzarekin. Eraikinaren hego-mendebaldeko angeluari itsatsirik dagoen dorreak lau gorputz ditu, inposten bidez bereiziak, eta goialdean ezkilak gordetzen dituen gelatxoa dago, lau aldeetara puntu erdiko arkuekin irekita.

Erretaula nagusia garai modernokoa da, estilo neoklasiko berantiarrekoa. Bernardo Aguirre igeltseroak eta Florentino Istúriz eskultoreak egina da, jatorrizkoa, Pedro Otxoa Arinek eta Martin Ataunek egindakoa, 1813an erre zelako. Nolanahi ere, behin betiko muntaketarako, sute eta harrapaketa haietatik salbatutako zenbait irudi erabili ziren. Horien artean: Ama Birjina haurrarekin irudikatzen duen tailla errenazentista bat, XVI. mendekoa; San Pedroren beste tailla bat, jarrita, estilo erromanistakoa, XVII. mendekoa; eta kalbario bat, mende horren hasierakoa. Gainerako taillak modernoak dira.

Ebanjelioaren aldean beste erretaula bat dago, Errosarioko Ama Birjinarena, barrokoa, XVII. mendekoa, eta, Epistolaren aldean, Gurutziltzatuaren erretaula, barrokoa hori ere, XVII. mendekoa, biak moldatuak, frantsesen kontrako gerra ondoko kalteak konpontzeko, seguraski. Gurutziltzatuaren tailla nabarmentzen da, barrokoa, eta bertako irudi bat, XIX. mendekoa, Andre Maria Doloretakoa. Organoa 1846koa da eta bataio-harria, azkenik, Erdi Arokoa.

 
Dorretxea edo Jakaren Etxea

Elizatik abiatuta, Fernando Urkia kalearen hasiera markatzen duen tokian, eraikin nabarmen bat dago, Jakaantxa izenekoa, Erdi Aroko dorretxe bat. Oin karratuko bloke bat da, lau solairurekin eta lau isuriko teilatuarekin. Egikera oneko harlanduez egina da. Garai batean eraikin exentua izanen zen, defentsarako estrategia koherentea egiteko.

Lehen solairua jatorrian itsua izanen zen, baina litekeena da bigarren mailako ate bat izatea, Olkozko eta Arazuriko dorretxeetan ikusten direnen modukoa. Beheko solairu hori biltegitarako erabili ohi zen, lanabesak edo jakiak gordetzeko, eta goiko solairuetatik bakartzeko modua izaten zuen, segurtasunagatik.

Bigarren solairuan ate bat zuen, gaur egun ere haren arrastoa ikusten da, eta bertara iristeko zurezko pasabide edo eskailera bat izanen zuen, arriskua zetorrenean kendu, desmuntatu edo erre egin zitekeena. Paretetan, halaber, eskailera hori ezartzeko zulo batzuk ikusten dira.

Bigarren solairua bizitzarako nahiz defentsarako erabiltzen zen, eta hala frogatzen du hiru elementu hauek batera egoteak: goiko atea, leihoak eta gezileihoak defentsarako. Atearen sarreran arku zorrotza dago, eta zortzi dobela luze. Arkua oso zorrotza ez denez eta dobelak luzeak, pentsatzekoa da XV. mendean eraiki zela dorrea. Ondoan leiho geminatu bat ikusten da, arkutxu zorrotzekin, karel molduradunaz eta armarri txiki batez apainduta.

Barnealdean, leihoak jarlekuak ditu parez pare, harrizkoak eta paretaren zabalerakoak; oso elementu ohikoa zen XV. mendeko eraikin zibiletan eta defentsakoetan. Kale Nagusiaren aldera, bi saietera edo gezi-leiho daude, zulo biribila dutenak, su-armak erabiltzeko, XV. mendekoak. Solairu horretatik gora leiho modernoak daude, karratu itxurakoak. Hirugarren mailatik gorantz mentsula sail bat dago, eta gainean, hain juxtu, horma-zuloak daude, garai batean egurrezko kadaltso bateko habe eta besoei eusteko; kadaltsoa egun Arraiozko “Jauregi Zaharra” eta Donamariko “Jauregia” dorretxeetan daudenen antzekoa izanen zen. Oso eredu ohikoa izan zen Erdia Aroko Nafarroan, eta oso zabaldua Euskal Herri osoan.

Lehenago esan dugunez, dorretxe hau Arbizuko “cabo de armería” izan zen, eta halaxe dago erregistratuta Nafarroako Erreinuko Armarrien Liburuan, armarri honekin: bi otso eta ertz aspaduna. Jauregi honetan nagusi izandakoen artean hauek aipatuko ditugu: Corbaran de Vidaurre (1261, 1278), Diego López de Arbizu (1315), Miguel Aznárez de Arbizu (1328), García Lópiz de Arbizu (1378), María Ferrándiz (1415), eta Fernando de Sarasa beaumondarra (1450) edo Johan de Arbizu (1512). XVIII. eta XIX. mendeetan Baiona familiaren esku zegoen, Yanguas y Mirandak 1723. eta 1829. urteetarako emandako albisteen arabera.

Dorretxearen aurrean harlanduz egindako fatxada duen etxe bat dago, 20. zenbakiarekin; zentratu gabeko puntu erdiko arku baten bidez irekia, kasetoiez apaindutako dobelekin eta ondoan leiho bat duela. Goian solairu bat du, leiho-ertz molduradunak dituzten bi leihorekin, eta ganbaratxoa, bi leihotxo sinplerekin. Moldura batek ixten ditu atea eta gaineko leihoa, alfiz baten gisa.
Kalean barrena

Fernando Urkia kalean aurrera joanda, badira xarma duten zenbait etxe. Ezkerraantxa izenekoan, adibidez, fatxada harlanduzko kateekin luziturik dago, ate buruduna, bi aldeetan leiho bana dituela, lehen solairua hiru balkoirekin eta ganbaratxoa bi leihotxorekin. Eraikin sobrioa da, sinplea eta dotorea.

Aurerago, Mendinueta izena duen etxea, oso berrituta badago ere, ikusgarria da, sarrerako puntu erdiko arkua du, moldurarik gabekoa, eta gainean inskripzio bat, partez leitzen dena: ESTA CASA HYZO HAZER MARTIN JOSEF DE (…) AÑO DE 179(…).


Udaletxea

Udaletxea, herriko plazan dago. Eraikinak pinoi bat du kale aldera, eta bertan armarria eta hitz hauek: LAS ARMAS DE LA NOBLE VILLA DE ARBIZU. Plazara jotzen duen aldean, berriz, bi isuriko teilatu azpiko fatxada, hiru solairurekin; lehenbizikoa ageriko harlanduaz, eta beste biak luzituta, harlanduzko kateekin. Leihoak eta ateak koadro itxurakoak dira. Multzoaren goialdean erlojua eta bi ezkil gordetzen dituen gorputz bat.

Plazak harrizko iturri bat du alde batean, 1850eko hamarkadakoa. Plazatik atera eta bestaldean, janari-denda dagoen etxeak armarri eder bat du fatxadan. Hortik aurrera, etxeak bi ilaretan, batzuk nabarmenagoak, harlanduzko fatxadekin, eta karrikaren amaieran zazpi etxebizitzako multzo bat, eredu berberarekin eraikiak, bi solairukoak; haietako lehenbiziko hiruretan sarrerak puntu erdiko arkudunak dira.

 
Olatzea hotela

Udalaren landa hotel hau 2008ko azaroan inaguratu zen, errota zaharra zegoen eraikinean. Bertan, XIX. mendean alea ehotzeko erabiltzen zen tresna zaharra martxan ikus daiteke, bai eta eraikinaren atzealdetik pasatzen den Leziza errekaren uraz baliatuz Arbizu argindarraz hornitzen zuen makineria ere.

Ibilbideetarako proposamen batzuk


Plazatik San Juan ermitara

Plazatik atera eta kale Nagusian gora eginez, Ergoiena aldera, eskuinaldeko azken etxeak amaitzen direnean eskuinera jo behar da, handik bidexka batera iritsi, eta  bertatik goraka egin behar da, aldapan, goian ikusten baita ermita.

Bertatik ikuspegi ederra dago, Beriain, Urbasa eta Andia, Aizkorri, Aralar…

San Juan ermita

1797ko agiri batean aipatzen da ermita, Iruñeko apezpikuak egindako bisita bat dela eta. Nabe bakarra du, luzea eta buru-horma zuzena duena. Epistolaren aldean zutabe gaineko zurezko estalpea du. Paretak harlanduxkoaz eginak dira, kanpotik luzituak, eta sarrera hegoaldeko horman du, orientaziorik onena baitu. Ateak puntu erdiko arkua du, eta 1792ko data idatzirik. Bi leiho ditu alde horretan berean, eta beste bat oinaldean. Estalkia zurezkoa da, bi isurikoa. Barnean XVII. mendeko erretaula barroko bat ikus daiteke, eta bertan San Juanen irudi bat, barrokoa eta XVII. mendekoa hura ere. Atikoan apezpiku baten oihala dago.

Baseliza honen inguruko larreetan ekainaren 23an, San Juan bezperan, erromeria ospatzen dute arbizuarrek. Eta meza nagusia biharamunean, ekainaren 24an, santuaren egunean alegia.

Oinez Basoa ikustera

San Juan ermitatik autobia gaineko zubia gurutzatu eta zuzen jarraituko dugu, borda batzuen ondotik pasatuta. 200 metro inguruko bidea egin ondoren, ezkerraldera joko dugu pista mehar batetik. Eta hasieratik 800 bat metro eginda, Oinez Basoa iragartzen duen panela, eta mahai batzuk ikusiko ditugu.

Bertan gelditu, edo basoa bisitatzera joan gaitezke, ezkerretik beheko putzuetara jaisten den bidetik.

Plazatik Mundiñu aldera (Maiza, Bidaul, Ondatz)

Plazatik Uhalde kaletik aterako gara, eta handik eskuinaldera, Olatzeako zubiraino iritsi arte. Atzean utziko dugu Kattuka haur-eskola, eta zuzen joko dugu, aurrera, goian partzelariako bidearekin bat egin arte. Eskuinerantz joko dugu orduan, autobia azpitik pasa eta aldapa bat igotzeko. Hortik aurrera, zuzen doa bidea, larre artean, nahi adina luzatzeko moduan.

Bidaulera joateko bidegurutzean, Beriain azpiko Ondatz parajeetara joan gaitezke, aurrera segitu dezakegu Unanuko mugaraino edo Mundiñuko ur-biltegira igo handik dagoen ikuspegiaz gozatzera…

Borden ibilbidea

Borden ibilbidea Wikiloc-en

Borden Ibilbide zirkularrak herritik Aralarko goialdetara eramanen zaitu, eta 14 kilometro inguruko bidean herriko lau borda ikusteko aukera izanen duzu: Sandindegi, Herriarena, Artabakar eta Mezeriain.

Mezeraingo borda

Ibilbide osoa 5 ordu eta erdi ingurukoa da, baina laburragoa egiteko aukera dago: lau borda horietako bat aukeratu eta bertaraino. Borden Ibilbidearen zati batek bat egiten du Aralarko Itzuliaren GR-20 bidearekin.
Mezeriango bordaren zati bat aterpea hartzeko prestaturik dago, beheko suaz eta mahaiaz hornituta. Ibilbidea pagadietan barna doa, ia 500 metroko altueratik 1.000 metrora igotzen da. Ibilbidearen goiko aldean, beste bide batek Mezeriaingo larreraino eramaten du, Aralarko Elkartearen lurren mugaraino. Handik gertu dago Intzezelaia eta Igaratzara joateko bidea.

Bordak ikusteaz gain, Fagatxabalgo trikuharria aurkituko duzu, Arbotoneta, Mezeriain eta Trosketako iturriak, zenbait haitzulo eta kobazulo, ikusgarriena Irutxingoa, garai bateko artzai etxolen aztarnak, bai eta ikatza egiteko erabilitako harrizko plataformak ere.