ATZOKO BILKURAN ONARTUTAKO MOZIOA:
“DENON TRENA”, MUGIKORTASUNERAKO ETA GARRAIORAKO TREN ALTERNATIBA
Azken hilabeteotan Abiadura Handiko Trenak gure eskualdeak nondik eta nola zeharkatuko dituen izaten ari da eztabaida politikoaren ardatz nagusienetariko bat, tokian tokiko erakundeak, eragileak eta tren garraioaren eta mugikortasunaren ereduari dagozkion gainerako aldagai guztiak aintzat hartu gabe, eta iritzi eta proiektu alternatibo zentzudunei ateak parez pare itxiz.
Mugikortasunari eta tren garraioari dagokion eredu bakarraren eta uniformearen gainetik, ordea, badago herritarrentzat aldiriko trena, zerbitzu azkarra eta merkantziak garraiatzea ahalbidetzen duen alternatibarik. Garai berriek konponbide berriak behar dituzte, eta Miranda eta Iruñea arteko egungo trenbide korridorea modernizatzea gaur egungo erronkei modu erabilgarrian, jasangarrian, azkarrean eta errentagarrian erantzuteko aukera egokia eta zentzuzkoa da. Arduraz jokatuz, lurralde kohesioa bermatuko duen garraio eta mugikortasuna da alternatibaren funtsa, ingurunea babestuz eta herritarrontzat onura sozial eta ekonomikoa ekarriz.
Gure eskualdeetako beharrei erantzuteko jendeari zerbitzua emanen dion tren erabilgarria behar da, herriak eta hiriak lotuz eta industrialdeei zerbitzua emanez. Honez gain, orbain berririk sortu gabe bikoizketak saihesten dituen alternatiba jasangarria eta azkarra behar da gure lurraldean. Eta azkenik, alternatiba errentagarria behar da, Gasteiz eta Iruñea arteko ibilbidean 500 milioi euro aurreztuz.
Finean, egungo korridorea modernizatzeak denbora lehiakorretan hiriburuak elkartzeaz gain, tokian toki geralekuak eta geltoki berrituak izango dituen kalitatezko tren publiko eta soziala izatea ahalbidetzen du.
Aitzitik, Abiadura Handiko Trenaren plataforma berri batek hiriburuak baino ez lituzke lotuko, herriak erabat baztertuz, eta ezingo luke merkantziarik garraiatu, gure eskualdeetan ingurumen kalte handiak eraginez eta diru xahuketa izugarria suposatuz.
Ekimen hau, 2022an Araba eta Nafarroako Tren Publiko eta Sozial baten aldeko plataforma herritarrek crowfunding baten bitartez abiatutako azterlanean oinarrituta dago. Azterlan horren egileek EAEko zein Nafarroako instituzio guztietan aurkeztu dute eta korridoreko toki erakundeen eskutik Madrilgo Kongresuan ere aurkeztu zen 2022ko ekainean.
Horregatik guztiagatik, Arbizuko EH Bildu Udal Taldeak mozio hau aurkezten du Osoko Bilkuran eztabaidatu eta onartu dadin:
1.- Arbizuko Udalak Udalak lurralde kohesioa bermatu, ingurumena errespetatu eta bideragarritasun ekonomikoa ahalbidetuko duen tren ereduaren alternatiba aztertzea eskatzen du, beti ere, trenbide-sarea modernizatzea, tren bidezko salgaien garraioa bultzatzea, gure herrietako eta eskualdeetako geltokiekiko konexioak eta maiztasunak hobetzea oinarri izanik.
2.- Udalak ALTERNATIBA hau mugikortasun ereduaren gaineko ekarpen eraikitzailetzat har dezala eskatzen dio Garraio, Mugikortasun eta Hiri Agenda Ministerioari, egungo mugikortasun eta garraio beharrei modu eraginkorrean erantzuteko tresna moduan.
3.- Udalak ALTERNATIBA hau behar diren berme tekniko guztiekin aztertu ahal izateko baliabideak jar ditzan eskatzen dio Garraio, Mugikortasun eta Hiri Agenda Ministerioari.
4- Udalak herritarrei eta eragileei informazioa bideratzea, eztabaida soziala bultzatzea eta haien iritzia jasotzea eskatzen die eskumena duten instituzio guztiei, gure eskualdeari eragiten dion garraio eta mugikortasun eredua zehazteko asmoz.
5.- Udalak akordio hau Nafarroako Gobernuko Lurralde Kohesiorako Departamentuari, EAEko Mugikortasun Jasangarriaren saila eta Garraio, Mugikortasun eta Hiri Agenda Ministerioari jakinaraziko die.
6.- Arbizuko Udalak akordio hau herritarrei eta hedabideei jakinaraziko die.
Arbizun, 2025eko maiatzaren 29an